EUSKAL SARE GORRIAREN AZTERKETA-ZERBITZUKO 1997ko uztaileko azterketa
"JULIAZOA". 1997KO UZTAILEAN ALEMANIA NAZIA DESAGERTUZ GEROZTIK EUROPAN SEKULA IKUSI DEN MASA MOBILIZAZIO FAXISTARIK HANDIENA ANTOLATU DU ESPAINIAR GOBERNUAK EZKER ABERTZALEAREN KONTRA.
10."Kristal hautsien gaua". HBren egoitzen kontrako eraso "espontaneoak", herritar sumindu gisa mozorrotutako poliziek zuzenduak eta talde "bakezaleek" deituak. Eta uniformez jantzitako poliziek babestuak.
Euskal Herriko eta Espainiako talde "bakezaleek" beren aurpegia erakutsi dute JULIAZOan, alegia, matxinaden aurkako estatuaren aparatu mozorrotuak; eta errentagarri bihurtu dituzte ondasun publikoetatik jasotako diru-laguntzak (Madrilgo laguntza eta sariez gain, EAJren gobernu zipaioak ia 50 milioi pezeta eman dizkio Bakearen Aldeko Koordinakundeari 1992az geroztik).(14)
Beraiek deitutako kontzentrazioez baliatu ziren kalez jantzitako poliziak, naziek ohi zituzten "kristal hautsien gauak" eta lintxamenduak burutzeko. Hainbesteraino, ezen ezker abertzaleko pertsona eta jabetzen kontrako erasoetan bukatzen zuten mobilizazio eta martxekin zerikusirik ez zuela adierazi behar izan zuela prentsaurreko baten bidez Bakearen Aldeko Koordinakundeak asteazkena 16ean.
Uniformez jantzitako polizia armatuek babestutako martxak izan ziren, eta ondoren, espainiar telebista eta prentsa zinikoak "paradoxikoa eta ereduzkoa" izan zela nabarmendu zuten "beraiek erasotzen duten polizia horretxek babestu izana abertzale biolentoak". Neronek ikusi nituen Iruñeko nire etxeko balkoitik hilaren 12 eta 13 bitarteko gauean, dozena bat gazte abertzale ausartek (beren burkide pila eta pila kantuan eta dantzan ari ziren handik kilometro batera zueden txosnen inguruan), kale borrokarako duten ausardia eta abilezia hutsez, kalez jantzitako poliziek gidatutako ehundaka batzuk astazakili aurre egiten. Eta handik ordubetera berriro ikusi nituen astazakil horiek Jarauta kaleko Herriko Tabernarako bidean 40 poliziek osatutako ilara buruan, eta erruz erabiliko zituzten kasko, ezkutu eta pilotak botatzeko eskupetez hornituta, Jarauta kalea hartzeko gauza izan ez baziren ere. Euskal Herri osoan zehar jazo dira honelako gertakariak (hilaren 16ko EGINeko lehen orrialdeak honela zioen: "Poliziaren babesa abertzaleen kontrako indarkeriari"), eta kalez jantzitako ertzain, polizia eta guardia zibil asko identifikatu zituzten lintxamenduen xaxatzaile lanetan (lau polizia foral identifikatu dituzte jada istiluetan). Santutxuko Jai Baztordeak Bakearen Aldeko Koordinakundearen aurkako salaketa jarri zuen Bilboko Zaintzako Epaitegian eta hilaren 31ko EGINek Ertzantzako kabu batek burututako "balentrien" salaketaren berri eman zuen 13. orrialdean.
Deia egunkari jeltzalearen akats barregarri batek eskaini zuen kontatzen ari natzaizuenaren beste froga bat. Herriko taberna bateko pertsiana ostikoz jotzen ari ziren "bakezaleen" hurbileko argazki oso argia argitaratu zuen. Eta aurpegia estali zien telebistak eta prentsak poliziekin ezagut ez ditzaten egiten duen bezalaxe!
EL MUNDO egunkaria lintxamendu bultzada objektiboagatik nabarmendu zen. Pedro J. Ramírez zuzendariaren "HBk ordaindu egin beharko du" artikuluaz gain (hilaren 13ko lehen orrian iragarria), larunbata 12, igandea 13 eta astelehena 15ean HBko Mahai Nazionaleko kide guztien argazkiak eta izenak argitaratu zituen. Eta osteguna 17an argazki higuingarria argitaratu zuen lehen orrialdean, 1933ko egunkari nazi batetik zuzenenan kopiatua zirudiena: ogi-saltzaile bat bere okindegian BOIKOTA ERMUAN: OGI HAU HB-RENA DELA DIOTE zioen titulupean. EL MUNDOk halaber, inkesta soziologiko baten itxuragabetze lotsagarria egin zuen.
![]() |